| Assen Idatzi nuen azken aldia Tourra hasi aurretik izan zen, Monakon. Barkamena eskatzen dizuet horrenbeste denbora idatzi ez izanagatik baina Tourrean ezinezkoa izan zen, Tourreko egun bakoitza erlojupeko proba bat da eta denbora librerik ez da izaten. Assen-en gaude (moto laisterketetako zirkuitua) non larunbatean Vuelta hasiko da. Tourrean asko gozatu nuen. Laisterketa honetarako ezarria nuen lan modura ondo egokitu nintzela pentsatzen dut. Sasoiz ondo aurkitu nintzen itzuli osoan eta Alberto eta Lance espero zen lekuan egoteak guztia erraztu zuen. Guztiz eskertua sentitzen naiz bai Alberto eta baita Lancegatik ere, zeintzuk Tourrean jasan zuten presioaren ondoren inork baino hobeto jakin izan duten talde guztiaren lana eskertzen eta baloratzen. Taldekako erlojupeko garaipenarekin eta taldekako sailkapenarekin lehendabizikoz igo nintzen Tourreko podiumera non sentsazio ahaztezinak bizi izan nituen. Tourretik itzuli eta Donostiako Klasikan parte hartu ostean nahi nuen bakarra deskonektatzea zen urteko azken helburua prestatzen hasi aurretik, Espainiako itzulia. Aste oso bateko atsedena hartu ostean Jakara joan nintzen familiarekin portu luzeetan entrenamenduak egiteko asmoz. Asko gustatzen zaizkit Jaka eta inguruak, entrenamendu saioak egiteko errepide egokiak eta portu luzeak baitaude eta gainera etxetik bertan. Gainera garai hauetan, neguan bezala, euskaldun asko joan ohi da bertara oporretara eta etxean bezala sentitzen gara. Ez dugu asko entrenatu beharrik izan oinarria Tourretik jarria baitzegoen. Irteeratik Vuelta interesgarria izango dela dirudi. Albertoren hutsunea nabarmenduko da baina txirrindulari gehiago daude Vueltari emozioa emango diotenak. Vinokourov-en itzulerak interesa sortuko du eta kamara eta argazkilarien kopurua areagotu egingo da berriro gure autobusaren inguruan Tourreko irteeran bezala. Vinokourov-ek bere partetik dena jarriko duela pentsatzen dut baina bi urte errepideetatik kanpo egon izana antzeman dezakela uste dut. Daukan palmaresarekin kontutan hartu beharko da hala ere eta garaipenaren lehian izango da beste hauekin batera: Valverde, Samu, Basso, Gesink, Mosquera, Cunego… eta ahazten ez ditudan beste batzuk ere kontutan hartu beharko dira. Ibilbidea oso gogorra da eta mendateetan ondo moldatzea ezinbestekoa izango da amaiera asko baitaude bertan, gainera jarraian doaz denak eta egun txar bat izanez gero aukera guztiak gal daitezke. Erdiko astea izango da irabazlea erabakiko duena. Ikusiko dugu nola erantzuten duen gorputzak baina gogo haundiz goaz itzuli on bat egiteko, ea dena Tourrean bezain ondo irtetzen dan. Vueltan ikusiko gara! |
Nire blog 2009
Zirkuitutik zirkuitura
Más artículos...
Pág. 1 de 6


